05 May

  • Egilea: multimedia
  • Atala: Berriak

“Pantaila anitzetarako bidea komunikabideetan: telebista, internet, eta mugikorrak” hitzaldia eskaini du aste honetan EITBko erredaktorea eta EITB eta Unibertsitateen Harremanetarako Arduraduna den Rosa Diez Urrestarazuk; gainera, Multimedia Komunikazioa UPV/EHU-EITB unibertsitate masterreko irakaslea ere bada eta, hain zuzen, masterrak EITBn daukan interlokutorea.

Maiatzaren 2an eskainitako hitzaldian telebistek gaur egun audientzietara egokitzeko dituzten erronka nagusiei buruz hitz egin du Fakultateko ikasleen eta Masterreko irakasleen aurrean. Rosa Diezek gaurko kazetari mutimediei eskaera garbia helarazi zien: “Ikasi informazioa plataforma guztietan ondo kudeatzen eta menperatu teknologia”.

Gazteen informazio kontsumotik abiatu zuen hitzaldia EITBko kazetariak, azpimarratzeko, gazteei informazioa asko interesatzen zaiela, baina, jada, ez dutela ohiko modu tradizionaletan kontsumitzen, kontsumitzeko modua aldatu egin baita; aitzitik, sare sozialak, hedabide digitalak eta nahierara jasotako ikus-entzunezko edukiak dira euren iturri nagusi. Bide horretan, telebistetako edukiak ere, egun, internet bidez jasotzen ditu audientziaren gehiengoak.

Halaber, euskarri mugikorren zabalpenak jokozelaia erabat aldatu du, “milioika kamera daude grabatzen munduan une oro, edozein herritarri ikaragarrizko boterea eskaintzen dio gailu mugikor batek”. Hortaz, kazetariak herritarren eduki sorkuntzarekin osagarri bihurtzen asmatu behar du, hiritarren kazetaritza integratzen jakin behar du, baina, beti ere, egiaztatze galbahea pasata.

Ekosistema honetan, etorkizunean, albistegiak askoz motzagoak izango direla diote bai mundu mailako adituek, bai Rosa Diezek ere: 10-20 minutukoak gehienez jota, eta ikus-entzulegoarekin harreman zuzena landuko da aurkezleekin sare sozialen bitartez; interakzioaren bidez, feedback-a egon dadin ikuslearen eta aurkezlearen artean informatiboa airean dagoen bitartean ere. Era berean, albistegiak oso bisualak bihurtuko dira eta, oro har, off-ak gailenduko dira.

Hona, amaierako apunte batzuk:

  • Herritarrek informazioa zein entretenimendua online kontsumitzen dituzte.
  • Offline telebistak ongi daki aldaketa handia egin behar duela.
  • Mugikorra (pantaila) gure bizitzetan integratu dugu, eta, horrenbestez, bertan kontsumitzen dugu ikus-entzunezko eduki gehiena.
  • Ohiko prime time-a desgartzear dago.
  • Formatu berriak landu behar dira, euskarri berrietan lan egiten ikasi behar da.
  • Errealitate areagotuak murgiltze aukerak dakartza.
  • Ikus-entzunezko iraulta bizitzen ari gara.

Leave a Comment