Multimedia Komunikazioa UPV/EHU-EITB Masterreko Erakundeetako Praktiken Programa diseinatu dugu ikastegian hartutako prestakuntzaren osagarria eta, beraz, horren jarraipena eta garatze praktikoa izateko.

Praktikek lan-esperientzia txertatzen dute ikaslearen prestakuntzan, multimedia produktuen diseinu eta ekoizpenean esperientzia praktikoa.

praktika-lekuak

Masterreko ikasleek masterraren 15 kreditu (375 ordu) egiten dituzte praktika-programan.

Praktikak, multimedia euskarriak lantzen dituzten enpresetan/erakundeetan egiten dituzte: EITB, Badihardugu Elkartea, Etxepare Institutua, Argia, Berria, Goiena Komunikazio taldea, UEU, UPV/EHUko Komunikazio Kabinetea, Elhuyar, UPV/EHUko Udako Ikastaroak, Kultura Zientifikoaren Katedra, BTEK eta Interaktiba.

Enpresa/Erakunde horietan guztietan esperientzia handiko profesional taldeek tutorizatzen dituzte masterreko ikasleen praktikak.

Praktiken azken helburua da klaseetan lantzen dituzte ezagutzak eta trebetasunak benetako lan-testuinguru batean praktikatzea. Testuinguru horretan, ikasleek laneko beharrei era autonomo eta eraginkorrean erantzuteko gaitasunak garatzen dituzte.

Enpresetako/Erakundeetako Praktiken Programak bi helburu nagusi ditu:

  • Ikasleak enpresaren munduan eta haien errealitate teknologikoan multimedia produktuen diseinu eta ekoizpenari buruzko prestakuntza praktikoa hartzea.
  • Ikasleak lan egiteko aukera gehiago izatea, benetako lan-esperientzia praktikoa txertatuz ikaslearen prestakuntzan.

Enpresetako/Erakundeetako Praktiken Programaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Ikasleek lantokietan emandako orduek kreditu akademikoen balioa izango dute: praktika-programako 25 ordu kreditu akademiko baten adina izango dira. Praktiketan gutxienez 15 kreditu egin behar dira, hau da, gutxienez 375 ordu.
  • Masterreko Batzorde Akademikoak tutore bat esleituko dio ikasle bakoitzari praktiken jarraipena egin dezan. Tutoreak aholkularitza-lana egingo du matrikulazio garaian eta dinamizatzaile eta ebaluatzaile-lana ikaslearen praktikaldian.
  • Enpresak ere instruktoreak izendatuko dituzte ikasleez arduratzeko eta haien lana gidatzeko: enpresa/erakunde eta praktika bakoitzerako enpresako instruktore bat egongo da, praktika-protokoloa behar bezala betetzeaz arduratuko dena.
  • Praktiketako tutoreak eta instruktoreak diseinatu eta ebaluatuko dute praktikaldia. Biek egingo dituzte praktikei dagokien gai edo arloaren programazio orokorra eta jarraipena.
  • Praktikaldia amaitzean ikasleek instruktoreen ziurtagiri bat jasoko dute, praktika-orduen kopurua eta emaitza adieraziko duena. Guztizko ordu kopurua kasuan kasuko hitzarmenean zehaztuko da eta prestakuntza-praktiken agendan.

Prestakuntza-praktiken prozesuak lau urrats ditu:

  • Aurkezpen urratsa: hasierako elkarrizketa fakultateko tutorearekin, enpresa edo lantokiko instruktorearen aurrean aurkeztea, ikasleak enpresa/erakunde edo lantokiko leku fisiko jakin batean kokatzea, eta praktika-plana, ordutegiak eta praktikak gainbegiratzeko egitura prestatzea.
  • Behaketa urratsa: honetan enpresako/erakundeko instruktoreak jakitun jartzen ditu ikasleak lantokiko gorabehera eta xehetasunez: organigrama azaldu, unitate berean lan egiten duten beste lankideak eta bakoitzaren zereginak aurkeztu, enpresaren helburuak zehaztu, enpresak lan egiten duen arloaren eta dituen baliabideen berri eman, eta ikasleari berak egin beharrekoak azaldu abar. Fase honetan ikasleak enpresa edo lantokiaren dinamikara egokitu behar dira eta bertan txertatu.
  • Prestakuntza aplikatzeko urratsa: ikasleek praktiketako lanak eta horretarako behar dituzten materialak prestatu (proiektuak egin, atazak planifikatu, dokumentazio-lanak egin, eztabaidarako materialak prestatu, informazioa biltzeko tresnak eratu, horiek aplikatu, informazioa aztertu eta interpretatu, txostenak edo memoriak idatzi eta abar). Fase honek arretagune bi ditu: batetik, ikasleek bete beharreko zeregina bera, eta, bestetik, horren bidez ikasleek jasotzen duten prestakuntza osagarria, zeregin hori betetzeko honakoak egin behar baitituzte: gogoeta egin, errealitatea aztertu, fakultatean ikasitakoak aplikatu, erabakiak hartu eta ekintza zehatzak burutu.Fase horietan eta praktikak amaitzean ikasleak multimedia produktu bat edo gehiago izan beharko ditu eginda eta produktuok kontuan hartuko dira praktiken ebaluazioa egiteko.
  • Ebaluazio urratsa: ikasleak, enpresako/erakundeko instruktoreak eta fakultateko tutoreak praktikaldian egindako lanak ebaluatuz jakin ahal izango dugu praktikaldia noraino izan den probetxuzkoa, partaide bakoitzak bere eginkizunak noraino bete dituen.

Urrats guztietan enpresako/erakundeko instruktoreak eta fakultateko tutoreak jarraipen egokia egin behar diete praktikei, ikaslearen lanak gainbegiratu, baliabideak haren eskura jarri eta harekin harremanetan egon etengabe.